martes, 24 de febrero de 2015

Elkarrizketa ETB1-eko Azpimarra saioan

Duela pare bat aste Paulo Garikano eta biok ETB1-eko Azpimarra saioan izan ginen gure kirola eta gure abenturen inguruan hizketan. Ordulaurdeneko elkarrizketa gure bidai desberdinetako imaginekin lagunduta.

Hauek gogoak berriz ere proiektu berri batean murgiltzeko!!!

martes, 3 de febrero de 2015

"Ur Guztien Gainetik" bideoarekin Tolosako Mendi Tour Film Laburren lehiaketan garaile suertatu naiz

Aurten ospatzen da lehen aldiz Tolosako Mendi Tour Film Laburren lehiaketan, eta bertan garaile izan da Frikrik Mediaren "Ur Guztien Gainetik" filma.

Hemen uzten dizuet Tolosako Udalak sariaren inguruan idatzitako artikulotxo bat:

"Aurten estreinakoz Mendi-Tour zine zikloaren egitarauaren baitan laburmetrai lehiaketa antolatu du Tolosako Udalak, eta Mikel Sarasolarena atera da garaile. 
Epaimahaia ondorengoek osatu dute:
  • IOSU IZTUETA bidaia enpresaria eta mendiko gidaria
  • PABLO DENDALUZE ikus-entzunezko ekoizlea
  • EDURNE PASABAN alpinista eta enpresaria
  • RAMON OLASAGASTI kazetari, idazle eta itzultzailea
  • NAGORE SALABERRIA bidaia gidaria eta mendiko kirolaria
Laburmetrai irabazlea eta gainontzekoak martxoan ospatuko den Mendi Tour jaialdian izango dira ikusgai. Dena den, jakinmina pizten joateko, hemen epaimahaiaren balorazioa:
“Ur guztien gainetik”. Mikel Sarasola
Tituluak berak laburtzen du egokien film labur honek barnean biltzen duena: piraguarekin uraren gainean bizi, goza eta egin daitezkeen jarduera, abentura eta bidaia askotarikoen irudien bilduma. Erreka eta ur-jauzi basatietan barnako jaitsierak, ur bizietako piraguismoa, kayak-surfa… Patagonian, Euskal Herrian, nonahi. Ibaiak abiada eta indarra non hartzen duen, uraren etorrian piraguarekin non joan daitekeen, hantxe aurkitzen dute gozamena ikus-entzunezko honen protagonistek. Funtsean, piraguaren aldeko aldarria da filma, abentura egarria ur-lasterretan asetzen duten gazte batzuen proposamena. Piragua eta ura dira film labur honen ibilgua, eta erritmo bizian nahasten dira irudiak, bideo-klip baten moduan, zurrunbilo batean kasik. Hortik etorri da epaimahairen hautua. Jarduera biziak, irudi ikusgarriak, abentura, gaztetasuna… zume horiez osaturik dago film labur hau, jostura garbiagoa beharbada falta, baina azken emaitza dotorea da."
Hona hemen saritua izan den bideoa, ikusi nahi duenarentzat: